Adimen Artifiziala arazo konplexuak konpontzeko

02/05/2020 32

SARS-CoV-2 koronabirusaren krisia IAren laguntzarekin konponduko den arazo konplexua da.

Paul Kruchossik 2016an argitaratu zuen WebForumen “10 Skills you Need to Thrive Tomorrow” artikulua [Beharrezkoak diren 10 trebetasun biharko egunetan aurrera egiteko], etorkizuneko lan-munduan gehien eskatuko diren gaitasunak aztertuz. Artikulu horretan, egileak adierazten zuenez, Munduko Ekonomia Foroaren arabera, arazo konplexuak konpontzea lan-munduko gaitasun baloratuena izango da, kritikoki pentsatzeko gaitasunaren eta sormenaren aurretik. Arazo konplexuak konpontzeak are garrantzi handiagoa hartuko du SARS-CoV-2 koronabirus berriak eragindako krisi globalarekin.

Gizateriak magnitude handiko krisi batek eragindako erronka sanitario, sozial, ekonomiko eta politikoei aurre egin beharko die, adituak oraindik kuantifikatu ezin dituztenak. Duela gutxi OCDEk ohartarazi du ikuspegi ekonomikotik koronabirusa aurreikuspen ekonomiko txarrenak gainditzen ari dela. Adituen arabera, pandemia hau XXI. mendeko hirugarren “shock” ekonomiko, finantzario eta sozial handia bilakatzen ari da, 2001eko irailaren 11ko atentatuen eta 2008ko finantza-krisi globalaren krisi ostean. Izatez, krisialditik ateratzeko “Plan Marshall” antzeko bat aplikatzea beharrezkoa izango dela dio OCDEk.

Egoera honen aurrean, arazo konplexuak konpontzeko kapazitatea inoiz baino garrantzitsuagoa da. Konplexutasunaren estrategia diziplinarteko teoria bat da, hirurogeiko hamarkadan sortua eta sistema konplexuak aztertzen dituena. Jakintza-arlo hau natur zientzietako aurretiazko ikerketetatik eraikitzen da, ziurgabetasunari nola aurre egiten diogun aztertuz. Adituek hainbat hurbilketa edo metodologia proposatzen dituzte arazo konplexuak konpontzeko. Adibidez, pentsamendu sistemikoa, elkarrekin lotutako hainbat azpisistema edo elementu ulertzea helburu duen esparru kontzeptuala. Kontzeptu honen jatorria holismoan datza, Ludwig von Bertalanffyk 1937an proposatutako sistemen teoria orokorrean edo zibernetikan dago oinarrituta.

Pentsamendu sistemikoak aurrerapen handia izan zuen MITeko adituen lanei esker, hala nola, Jay Wricht Forrester eta Peter Senge sistema-zientzialarien lanei esker, “La quinta disciplina” liburuarekin. Arazo konplexuak ebazteko beste metodologia eta tresna erabilgarri batzuk daude: alboko pentsamendua, pentsamendu dibergentea, pentsamendu bisuala, helikopteroaren ikuspegia, berrogeita hamar mila oineko altuerako ikuspegia edo teknologia esponentzialak. Adimen artifizialaren gorakada, ikaskuntza automatikoa, big data edota etorkizuneko konputazio kuantikoa oso lagungarriak izan daitezke arazo konplexuak konpontzeko.

Gaur egun, Adimen Artifizialak koronabirusari aurre egiten laguntzen digula erakusten duten adibide zehatzak ditugu. Revistabyte.es webgunerako hil honetako artikulu batean, egileek Adimen Artifiziala arazo konplexuak konpontzeko erabiltzen ari dela diote, epidemiaren detekzio goiztiarra, kasu desberdinen diagnostiko azkarra, tratamenduen jarraipena edo kamera termikoen bidezko kasu berrien detekzioa. Jun Wuk gai berari buruzko beste artikulu bat argitaratu du duela gutxi Forbesentzat, esanez Adimen Artifizialak eta zientzia aplikatu genetikoak errazago, azkarrago eta merkeago bihurtzen dutela birusa nola hedatzen den, nola maneiatu eta bere ondorio suntsitzaileei nola eutsi daitekeen ulertzea.

Xabi Uribe-Etxebarria, Sherpa.ai-ko zuzendariak SER irratian egindako elkarrizketa batean adierazi zuenez, Adimen Artifiziala medikuntza bezain garrantzitsua da birusari aurre egiteko. Uribe-Etxebarriak beste adibide batzuk eman ditu, adibidez, Googleren AA atala, non txertoa lortzeko eta COVID-19ren genoma deszifratzeko proteinen garapeneko algoritmoak garatu dituena. Allibabak 20 segundotan test azkarrak egiteko garapena aurkeztu du. Adibide horiek eta beste askok arazo konplexuak konpontzeko Adimen Artifizialean oinarrituko garen bidea adierazten digute.